Utzidazue gainditzen

Hau ez da ohikoa nigan.
Baina argi zuri bat ikus dezaket nahi baino gertuago eta
gazteegia naiz ezertarako,
utzidazue gainditzen.

Kobazulo mitologikotik lekora ba omen da mundurik.
Sex shop arrosa kantoiko burdindegira iritsi aurretik,
Da Vincik pintatu gabeko arkupean
Arrain Biziak arrandegia.
(Inoiz dendarik izanen bazenute,
zein izen jarriko zeniokete?)
Postontzi hori bakartia zikin sentitzen da pintadapean
eta soinean
esan nahi ditugun hitzak eraman nahi dituelako kexu da.
Loto-saltzaileak, normaltzat dugun mundu batean,
nori aldarrikatu nahi ote dio normala dela?
Turista galdu batzuk mapa zabaldu eta
badoaz txikitzen.
Telefono-kabina desagertzeko arriskuan dago
mugikorra belarritik aldendu ezin duen jendez inguratuta.
Ba ote dakizue oihukatzeak ez duela entzungo gaituztela ziurtatzen?
Mezu bat jaso dut mugikorrean.
Erantzun aurretik
gizon itsu bati bidea eragotzi diot eta
ez dut parean irudikatu duen gorputz baldarra ezagutu.
Itaun erdaldunaz abordatu nauen emakumeari
“Ni ez naiz hemengoa” jaurti diot
eta

ez

nau

agurtu.
10 zuhaitz ebaki dizkiote munduaren birikari
etorkizun hobe baten esperoan:

Prezio / bereziak / erreformagatik
Prezio / bereziak / erreformagatik
Prezio / bereziak / erreformagatik
/ – %50 /

Ez dut titizorro loredun hori erosteko astirik eta
eskertuko dit poltsikoak
edota bizkarrak.
Pixalarria naiz eta arraro nabil oinez badakit,
ez iezadazue horrela begiratu.
Emakume helduei zoru pelbikoa indartzeko
gomendatutako ariketak baliatu behar izan ditut
aurrera jarraitzeko.
Eskutik gogor heldu diot neure buruari
txindurriek hartutako hatzak berreskuratzeko.
Errukiak ez du inor salbatzen.
Semaforoa bortxatu behar izan dut eta ez naiz errudun sentitu
zebrabidean zain zegoen zakurrak zaunka egin duen arte.
Baina gurpildun aulkiko gizon bati ari zaio altxatzeko esaten.
Kazkabarra hasi du gogor.
Ilun da gaur,
hanka luze, hankarte huts, hilkutxa hebainduak
aterkien urkatik zintzilik doaz
eta bada giro.
Presarik ez duenaren itxura eman nahi dut baina aterkiak
ziztuan datoz nigana kalea zeharkatzen.
Txapeleko harrien pisua nabari dezaket lepoa estutzen.
–Bai, arrazoi duk, bizkarrean daramagun motxilak asko pisatzen dik,
baina ez zakiat zeinek itotzen naiken gehiago.
Harri bat banatzen gaituen amildegia zeharkatu eta
ezkerraldeko begirantz zuzen.
Itxi dut baina ez dit erauzi ezer,
eraitsiko ezer.
Mundu erdia egi bistaratu baizik eta
honek aspaldiko traza du.
Bi minutu barru irtengo da trena etxera baina
ez dut heldu nahi.
Ez dut geltoki sarrerako argi zuririk zeharkatu nahi.
Ez dut inora eraman nazaten nahi.
Ez dut nahi ezer,
ez hemen naizen bitartean behintzat.
Harriak heldu nahi ditut esku artean desagertu ez daitezen,
besterik ez.
Baina esku-ahurrak ito zaizkit dagoeneko eta
azken metroen faltan,
iztartean hezetasunaren epela sentitzean
gogor egin dut uzkialdearekin indar barrurantz.

Argi zuri sakonei beldurra izaten irakatsi diguzue
eta guk bitartean
ez dugu ikasi probetxuzko ezer.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude