Neguko poemak

I

gauez ikusi zaitut

suak laztandu ez dituen
basoak zeharkatzen dituzu
kandela gorri bat eskuetan
oinutsik

gauez aditu zaitut
zuhaitzen hizkuntza mintzatzen

izarrei otoitz egiten diezu
elurretan egiten duzu lo

badakit
nire begiak ilunegiak direla
haizeak ez didala ezpainetan musurik eman
baina nire izena ahaztu dut
eta egarri naiz

II

izotzezko aintzira batekin
egin dut amets
eta odoletan esnatu naiz

basapiztiek nire zainetatik edaten dute

III

euria ari du
nire barnean

birikak hoztu zaizkit
eztarria urtu
eta nire sabelean
lore urdinak hazi dira

zuregana hurbildu naiz
haizearen alaba
eta musu eman dizut
oinutsik
suak laztandu ez duen
kristalezko basoan

IV

izenak ahaztu ditut
nirea eta itsasoarena eta aitaren izena
neguaren arnasa ezkutuan aditzeko
belardi urdinetan
hotzez ernaberritzeko

izenak ahaztu ditut
eta odoletan esnatu naiz

orain badakit
pagoen azalean ahotsak entzuten direla
hontzaren hegaldiak ekaitza dakarrela
ezpainetan gordetzen duzula
landareen ihintza

nire izena ahaztu dut
eta zuregana hurbildu naiz
haizearen alaba
eta musu eman dizut
oinutsik
eta eskuak niregana luzatu dituzu
zure kristalezko eskuak
jainkosaren esku zuriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude