Mute sakatuta ikusteko galernak

Inork begiratzen ez duenean

Atea sentitu duzu
zure bizkarrean ixten.
Berehala baretu da
zure aurpegiko giharren
tentsioa.
Zigilaturiko irribarre etsia
ilunpeko begitarte epelak
ordeztu du.

Sugezko zeru bat erditu da zure gainean
errezelen arteko
azken errainua
amatatu orduko.

Eta tximista bigun
bilakatu zara
laba hotz,
argizko zulo

oh ihuk ah

Inork begiratzen ez duenean.

 

Hauxe egun motela

Ia arnastu daiteke
zuoi guztioi
niri bezala
orekatik
pazientziatik
frustraziotik
tira egiten dizuen
pozoi askatzailea,
ia arnastu daiteke
sozializazio espazio aurrez finkatutakoen
trantsizio ustez baketsua
ziurtatzen duen
lau gurpildun
kristalezko hormadun
ziega aseptikoan.
Paisaiazko errutinaren bidean
pantailaren alienazio derrigorrezkoan
ezkutatzen dituzue begiradak
beste inoren itolarrian
elkarren aitormenik
ez aurkitzeko
segundo hamarren batez baino ez bada ere
ez aurkitzeko
elkarren aitormenik
beste inoren itolarrian.
Noizbait
norbaitek etengo du
letania marrua,
itxuraz arrazoirik gabe.
Oihu basak
gihar tenkatuek
aurrera emandako kolpeek
argiki interpelatuko gaituzte.
Eta orduan bai,
elkarri begiratuko diogu
erdeinua higuina gaitzespena
adierazteko,
gure miseriaren printzarekin
eskuak erretzeko adorea lekutan.

Baina ez da gaur izango.
Hauxe egun motela.

 

Drama em gente revisited

Nekatuegi nago
so zuzenari eusteko ezintasunaz.
Nire ahotsa entzun dut
gizakion arteko harremanak
darwinismo hutsera murrizten
eta ez dut gustuko
baina ez dakit
gai izango naizen
koldarregia ez ote naizen
besterik gabe
kalera jaitsi
eta zuon guztion aurka
gerra sinboliko bat
abian jartzeko

belusezko sasietan zangotrabatzen naiz
ni neroni
odolusten naute lausenguek

kartarik gabe jokatzeko gai denak
daki kartetan
eta nik
batekoa itxoiten
jarraitzen dut

ez dut sekula berriro begirada beheratu nahi.

 

Eri

Etxean itotzen zinen sentimenduak
eraso egin zizun behin.
Espazio txikietan
arnasa hartu ezinda
kalean lo egiten hasi zinen
baina tapakiak ere
hertsigarri zenituen.
Hotzari aurre eginda
gauak igarotzen ikasi zenuen,
halako batean
arropak ere traba egiten
hasi zitzaizkizun arte.
Aitzitik, biluzik ere
zugan kabitu ezinda
jarraitu zenuen.
Azala tiraka erauzteari
ekin zenion orduan.
Zure ezinegonak, ordea,
hortxe zirauen.
Azkenerako konturatu zinen:
zure erraiei datxekie.
Zu zeu zara antsietatea.


Gorka Salces Alcalde

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude