Konplize izateko jarraibide eta baldintzak

Gure nahia idazle gazteon testuak eta gogoetak argitaratzeko aldizkari egonkor eta kalitatezko bat osatzea da, eta horretan gabiltza. Gehienbat harpidetza bidez funtzionatuko duen aldizkaria urtean hiru bider argitaratuko dugu. Liburu formatuko aldizkaria izango da, ilustratzaile eta argazkilari gazteen irudiz hornitua.

ITU bandako partaideon testuez gain (poemak, poema-sortak, kronikak, narrazioak…) gure interesekoak diren idazleekin elkarrizketak, liburu-kritikak, erreportajeak eta itzulpenak argitaratuko ditugu, besteak beste. Garrantzizkoa iruditzen zaigu, halaber, Euskal Herriko idazle gazteen testuak argitara ematea. Iruditzen zaigu asko direla tiraderan gordeta galtzen diren poemak, sarietara aurkeztu eta epaimahaiaren erabakiz argia ikusi gabe gelditzen diren narrazioak, eta abar. Gazte literaturzaleon espazio autonomo bat sortzea da helburua, espazio horretan hazten joan gaitezen, ikasten joan gaitezen, elkarrekin (eta hau ez da Donostia 2016-ren anuntzio bat).

Zer da, orduan, kolaboratzaile gisa eskatzen dizueguna? Aipatu poema ahaztuak, narrazio ez-sarituak (eta alderantziz), edo lan sarituak, zeinen gaineko egile eskubideak mantentzen dituzuen, lan berriak, proiektu literarioak, literatur-kritikak, gure literatur-sistemaren edo orokorrean literaturaren problematikari buruzko erreportaje edo iritzi testuak, itzulpen literarioak… Esan gabe doa, gaineko kategorietan sailkaezinak diren testuak eta proposamenak ere lasai bidali.

Testuak emailez bidaltzea da errazena, itusototik[abildua]gmail[puntu]com helbidera edo webguneko formularioaren bitartez. Epea pasatu aurretik iristen diren testu guztiak irakurriko ditugu eta testuen arabera argitaratu edo ez eta noiz argitaratu erabakiko dugu. Esan nahi dugu, zuek bidalitako testuak, zuekin kontsultatu ondoren, moldatu, aldatu edo kentzea proposatzeko eskubidea hartuko dugula. Gure jarrera irekia izango da eta saiatuko gara testu bakoitza egilearekin komentatzen, horretarako beharrik ikusten badugu.

Testua(k) bidaltzerakoan utzi dokumentuaren lehen orria lanaren izena eta egilearen izena idazteko (aldizkarian argitaratzea nahi duen bezala). Testuen egile-eskubideak idazlearenak izango dira; edizioarena, aldiz ITU bandarena izango da. Horrela esanda oso serioa dirudi denak baina zuek eta guk gauzak argi edukitzeko besterik ez da, inolako desadostasunik baduzue esan lasai, hau ez da espainiako konstituzioa.

Mila esker aldez aurretik eta idazketa on!