ISABEL ITURBEREN BIZITZA ETA HERIOTZA

2015eko maiatzean aurkeztu genuen Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna. Literaturia jaialdirako propio sortutako emanaldia izan zen, beste norbaiten larruan jartzeko ariketa gisa jaio zena. Ezagutu ez dugun garai batean kokatu ginen, imajinatu baino ezin ditugun esperientziak bizitako norbaiten larruan.

Ez ginen Isabel Iturberen larruan sartu, kanpotik imajinatu genuen, jendeak kaletik ikusten gaituen bezala. Hala, Isabel Iturberen bizitza bere ingurukoen ahotik kontatuta eman dugu taulara. Melek darama narrazioa, bere lagun minak, azken honen hiletako elegia gisakoan, haur denboratik bere heriotza artekoak gogoratuz. Denboran atzera eginez eta Meleren jardunaren osagarri Iturberen bizitzako gertuko eta ez hain gertuko lagunek ere hartuko dute hitza.

Guk egindako eraikitze lan bera egin behar du publikoak, Isabel Iturberen irudi propioa osatzeraino. Poesia, bideo sorkuntza eta musika ere emanaldiaren zati garrantzitsuak dira. Izan ere, Iturbek bere bizitzaren parte garrantzitsuei erreferentzia eginez idatzitako poemak irakurriko ditugu. Gainera, emanaldiaren ekitaldi bakoitza laguntzeko bideo bana egin du Mikele Landak, garaiko irudiak erabiliz, eta Kaluse taldearen zuzeneko musikak arinduko du testu zaparrada.

Irakurketa dramatizatu hau berriz ikusteko aukera izango da gaur, martxoak 31, iluntzeko 19:30etan, LORALDIA festibalaren baitan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Sarrera doakoa izango da. Emanaldiaren inguruko informazio gehiago LORALDIAren webgunean eta BERRIA egunkariko erreportajean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude