Hamar poema, Günter Grass

Günter Grassen izena aipatzeaz bat haren bibotea etorriko zaigu burura, ezbairik gabe. Agian pipa egur kolorekoa eta kolore bereko betaurrekoak ere bai, eta alkandoraren lepoa jertsean sartua eta alde batera orraztutako ile motza eta bibotea gainditzen zuen bere beheko ezpaina. Etorriko zaizkigu, halaber, bere nobela gailenak (tartean, nola ez, Latorrizko danborra eta Katua eta sagua) eta bere obra narratibo zabala. Baina bere poemak oso gutxiri (aurkez bitzate izen-deiturak Itutarrenean) etorriko zaizkie burura.

Grass Poloniako Danzig hirian (orain Gdańsk) jaio zen 1927an, alemaniar jatorriko familia protestante batera, eta joan berri den apirilean hil, biriketako gaitz batek jota. Poemak idazten hasi zen gaztetan, eta irabazitako hainbat sariketetako bati esker jarri zen Gruppe 47ko kideekin eta honen editorearekin harremanetan lehenbizikoz. Oro har, poesia zuzena eta bere garaiarekin oso lotua landu zuen.

Paul Beitiak eta Ane Zubeldiak euskaratu dituzte Grassen hamar poema eta hona ekarri.


 

Uholdea

Euria atertu arte itxaroten dugu,
nahiz eta gortinen atzean
ikusezin izatera ohituak gauden jada.
Koilarak iragazkiak dira orain eta jada ez da inor ausartzen
eskua luzatzera.
Kaleetan gauza asko dago ur gainean,
garai idorretan ondo ezkutuan egondako gauzak.
Tristea da bizilagunaren izara erabiliak ikusi beharra.
Sarritan joan ohi gara ur-maila neurgailura
eta erlojuen antzera konparatzen ditugu geure ezbeharrak.
Zenbait gauza erregulatu daitezke.
Baina uraskek gainezka egiten dutenean eta heredatu genuen
neurria gainditzen denean
otoitzean hasi beharko dugu.
Urak hartu du sotoa, kaxa batzuk igo ditugu
eta barruko ondasunik falta ote den egiaztatzen gabiltza.
Oraingoz ez da ezer galdu.
Urak laster behera egingo duela badakigunez,
sonbrillatxo batzuk josten hasi gara.
Gogorra izango da, noski, berriro plaza zeharkatzea,
berunezko itzala aldean.
Hasieran gortinaren falta sumatuko dugu
eta sarritan jaitsiko gara sotora
urak oinordetzan utzi zigun
arrastoa behatzera.

 

Hamaikagarren hatza

Non da nire hamaikagarren hatza?
Nire hatz hamaikagarren eta bereziak
ez zuen inoiz barrerik egiten,
ez zituen ez eskularruak ez gaua janzten,
koloreengatik.
Ahuntza jezten zuen.
Ahuntza jezten zuen,
erlojura eramaten zuen ahuntza
eta ahuntzak burua makurtzen zuen.
Bazekien burua makurtzen, bazekien erlojua irakurtzen,
erlojuari oin zolak miazkatzen zizkion,
erlojuak barre egiten zuen arte, barre,
minutu guztiak galtzen zituen,
dena aitortzen zuen, baita bere geldialdiak ere.
Orain jada urruti ikusten zuen urrea,
hatzak urruti ikusten zuen urrea,
bitxigileak limurtzen zituen,
aldare aurreko emaztegaiak.
Giltza zen, zigilua, isiltasuna…
Nik sarritan hamaikagarren hatza zupatzen nuen,
lokartzen ez zen arren,
lokartzen ez zen arren.

Zer seinalatu nezake orain?
Zer seinalatu nezake orain,
gaur, nire bi esku txikiagotuek
soilik balio badute
burdina okela balitz bezala haztatzeko, okela, ingude bat…
edo uzkurtzen badira gauetan landako harri gaineko
bele tormentatuak antzo,
zortzi dira, bederatzi, hamar, inoiz ez hamaika.
Inoiz ez hamaika.

 

Familia kontuak

Gure museoan —igandero joan ohi gara—,
sail berri bat inauguratu dute.
Gure haur abortatuak, enbrioi zurbil eta seriosak,
uzkurtuta daude kristalezko ontzi arruntetan,
beren gurasoen etorkizunaz kezkaturik.

 

Normandia

Hondartzako bunkerrak
ezin dira beren porlanetik libratu.
Noizbehinka jeneral erdi-hil bat etortzen da
eta kanoi-zuloak laztantzen ditu.
Edo turistek hartzen dute bestela
bost minutu larriz.
Haize, hondar, paper eta gernu:
iraun dirau inbasioak.

 

Zoriontasuna

Autobus huts bat
gau izartsuan azkar doa.
Agian kantari doa gidaria,
pozik.

 

Profeten mantenua

Otarrainek gure hiria inbaditu orduko
ez zen etxean esnerik sartu eta egunkaria ito egin zen,
kartzelak ireki eta profetak aske geratu ziren,
Orduan kaleetan zehar ibili ziren 3.800 profeta.
Zilegitasun osoz hitz egin zezaketen eta nahi beste jan zezaketen
guk izurrite deitzen genion mokadu saltari eta gris hartatik.

Nork espero zuen besterik?

Laster berriz etorri zen esnea etxera, egunkariak arnas hartu zuen
eta profetek kartzelak bete zituzten.

 

Maitasuna

Hau da:
Esku-dirurik gabeko salerosketak.
Manta beti laburregia.
Lotura ahula.

Zerumugatik harago bilatzea.
Lau zapataz orbel hilak higatzea
eta mentalki oin biluziak igurztea.
Bihotzak errentan eman eta hartzea;
edo dutxa eta ispilua daukan gelan,
edo alokairuko auto batean, muturra iretargirantz,
inozentzia nonahi jaisten dela ere
eta bere programa erre,
hitza entzuten da zoli,
aldiro ezberdin, aldiro berri.

Gaur, leihatila oraino zarratuaren aurrean,
elkarri xuxurlatzen diote, eskutik emanda,
agure lotsatuak eta atso hauskorrak.
Filmak maitasuna promesten zuen.

 

Aldaketa

Bat-batean hemen ziren gereziak,
nahiz eta ahaztua neukan
gerezirik bazenik,
eta sekula gerezirik izan ez zela aldarrikatu nuen arren,
hemen ziren, bat-batean eta garesti.

Okaranak jausi eta jo egin ninduten.
Baina inork uste badu
zerbait gainera jausi zaidalako
aldatzen naizela ni,
gereziek jaustean inoiz jo ez dutelako da.

Soilik hurrak zapatetan sartu zizkidatenean
eta korrika egin behar izan nuenean,
umeek haien barrukoa nahi zutelako,
eskatu nituen oihuka gereziak, nahi izan nuen gainera
okaranak eror zekizkidan… eta aldatu nintzen apur bat.

 

Itsas gudua

Amerikar hegazkin-ontzi batek
eta katedral gotiko batek
elkar hondoratzen dute
Pazifikoaren erdian.
Azkeneraino
apaiz gaztetxoak organoa jo zuen…
Orain hegazkinak eta aingeruak daude airetik zintzilik
eta ezin dute lur hartu.

 

Ez zaitezte itzuli

Ez zaitez joan basora,
basoan basoa dago.
Basora joaten dena,
zuhaitzak bilatzen dituena,
jada ez dute basoan bilatuko.

Ez ezazu izan beldurrik,
beldurrak beldur usaina du.
Beldur usaina duena
usaindu egingo dute
heroi usaineko heroiek.

Ez ezazu edan itsasotik,
itsasoa zaporetsuagoa da.
Itsasotik edaten duena
ozeano egarri baino ez da izango
ordutik aurrera.

Ez ezazu eraiki zuretzako etxerik,
izan ere, eginez gero, etxean baitzaude.
Etxean dagoena
zain dago
bisita noiz etorriko eta atea irekitzen die.

Ez ezazu izkiriatu gutunik,
gutunek artxiboetan amaitzen dute.
Gutunak izkiriatzen dituenak
sinatzen du
noizbait geldituko den bere ezer gutxia.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude