Gurutze beltza

Herioak daramatzanak betiko doaz.
Gomuta geratzen da soilik.
Goizalde Landabaso

Soinean jantzi dotoreak dakartzaten gizon eta emakumez bete da taberna eta arratsaldean telefonoz eman didaten berria datorkit gogora:

«F hil da bart, gibelera doan arteria lehertu zaio. Etxetik ospitalera eraman eta bertan hil da, koma artifizialean zegoela, agoniarik gabe. B-rekin kafe bat hartzen ari nintzela gertatu da.»

Hiletatik datoz taberna bete dutenak. Bai zera. Hori pentsatu dut, baina hemendik oso urrun hil da F. Ez dakit hiletarik ospatu den, ospatuko ote den ere. Eta ospatuko balitz, nor joango litzateke F-ren arimaren agurtzera? B eta L, noski. T agian eta N beharbada. Bertan egongo banintz —eta hileta ospatuko balitz— neure hizkia ere idatzi beharko nuke zerrenda horretan.

Egia da ez nuela F —gugan bego— oso ondo ezagutzen. Herrikide izan nuen momentu batez, oporrak igaro genituen elkarrekin, L eta biok algaraka eman ditugu ordu batzuk eta B-ren pazientzia agorrezina miresten darrait. Banuen F-ren osasun egoera kezkagarriaren berri, interesaturik entzuten nituen esaten zituenak eta egiten zituen etengabeko zine-gomendioak jarraitzen saiatzen nintzen.

Afalorduan mahaira ardoa ekartzen zutenean F-ren edalontziari begiratzea nuen lehen lana, iluntze hartan oin bakarreko kristalezko hiltzailea zerk beteko zuen ikusteko. Eta beira finezko tantō ohorez osoaren ahoa huts edo urez lepo ikustean banekien, hala esan baitzidaten, lehenago edo beranduago, inork ikusiko ez zuelakoan bizkar-zorrotik aterako zuela beste sastakairen bat, zintzurretik behera isurtzeko.

Dantzatzeko musika jarri dute eta jaka, soineko eta alkandora saldoa, taldetxotan banaturik, erritmoa jarraituz alde batera eta bestera mugitzen hasi da. Hau da F-rentzat requiema, esan diot neure buruari. Vodkaz betetako edalontzitxoa ezpainetara gerturatu eta irentsi dut. Hau ere F-rentzat.

Zerbitzariari zenbat den galdetu diot eta barraren kontra egoteko daukadan moduan bakardadea, dolua eta horditasuna irakurrita bere kontura dagoela esan dit. F-ren heriotza edaten ari naiz. Edalontzitxoa buruz behera utzi dut ostera egurrezko barra gainean. Taberna beteak dantzan darraio eta begiak gora altxatu ditut. Gurutze bat dakusat. Orein beltz baten buruaren gainean, gurutze beltz bat argi laranjaz argitua.


Martin Bidaur

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude