Gabonetan maitemindu nintzenekoa eta otsailerako pasatu zitzaidanekoa, espero bezala

Gaur erosoago lo egin ahal izango dudala esan didazu —zu gabe—, baina espazioa da lo egiten uzten duena, ez hutsunea. Botaka egingo dut berriro, nigana gerturatu nahi duen oro zerekin mehatxatu izateko, kontuz, ez berriro galdetu zer gordetzen dudan isiltzen naizenetan, ez naiz zuk espero bezain sakona.

Hutsunea ez da espazioa.

Nahi gabe konkistatzen den lur pobrea da nire ohea, gerrarik ez, garaipenik ez, bururik ez paparretan. Etorri eta alde egin dute denek, gaixotasun edo kondaira ilunen batek izutuko balitu bezala. Mesanotxetik kristalezko edalontzia erori eta apurtu zenetik, jaso gabe gera zitezkeen kristal printzek ez didate hankak lurrean jartzen uzten, nahita ere. Nork nahi du epidemia hilgarri batek irentsitako logela ilun bat.

Badakit gezurti ona zarela, ia ni bezain ona. Baina zergatik jo duzu nire atea.

Botaka egin nahi dut berriro, korrika atera eta ez iritsi —inora—, eta inoiz baino hobeto sentitu, behatzak, ile puntak, begiak eta zapatak epel eta blai. Hiri bat oparitu dizut eta txoko denak lapurtu dizkidazu. Neure hiria zen, eta orain botaka baino ez dut egin nahi kale izkinatan.

Azkenengoz nola ahaztu zintudan oroitu nahian nabil. Bigarrenez lurperatu behar zaitut, lehenengoan erdi bizirik zeundela bota nizulako lurra papar biluziaren gainera; loreak eramatera joan nintzenean, ez zeunden.

Eta orain zure gorpua arrastaka daramat berriro zulora. Ez da erraza, bakarrik nago.

Aulkiak, mahaiak, ateak hankaz gora, dena, hesteak, gibela. Katu-ileak dauzkat jaka beltzean eta esku hotzak patriketan. Sar zaitez egurrezko kaxan zure kabuz, arren, nostalgiaz hilko naiz bestela.

Ez daukat inor aldamenean, bakarrik nago. Ez Altus motxilarik, ez katurik, hutsunea ikusi dut ferrytik ateratzen. Sar zaitez kaxan, eta zerorrek itxi atea. Garbitu ezazu nire hiria, zure usaina du denak.

Hirugarren zubitik gurutzatu beharko ditut kontinenteak. Zoaz, errementatu olatu eta haitzen arteko talkarik indartsuenean. Loreak eramango dizkizut, baina zoaz.

Ez iluntzerik, ez kaferik, ez etorkizunik kikaretan. Ihes egingo dut, ez naiz ohituko zure mamuari eskutik helduta oinez egitera.

Gezurra esan nizun bertsoan.


Nerea Ibarzabal

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude