Espaloiari

(Zure) espaloian

Mikele Landa Eiguren

Etxera heltzea lortu ez duen
ogi zatiak
norabidea ezarri dio espaloiari.
Jarraitu egin dut,
Gretel sindromeak jota.

Aspaldi galdu nuen etxerako bidea,
aukerek porlan gogortuaren gorpuzkera hartu zutenean.
Ez zen bat, ez bi, ez ziren hiru.
Itotzerainoko beste bide,
arnasbide
kastigu.

Ordutik
nireak ez diren
arrakalek oreka lapurtu izan didate.
Beste udalerri batzuetako sinadurak zapaldu ditut
estoldetan.
Euriak, usain desberdina darion asfaltoa
umeldu du bidaia bakoitzean.

Korrika egin izan dut
arrotz zaidan autobus gidariak
ikustera hel nazan.
Eta takoi finenez inguratuta,
hiriburuko espaloirik zabalenean
nire orpoak ere hamar bat zentimetro urrundu ditut
lurretik.

Gaur zure etxerako bidea lapurtu dizut.
Bertan gau pare baterako logela hartzeko esperoan.
Noizbait nire etxerako bide senti dezadan,
gaur zure ogi papurren atzetik egindakoa.

 

Espaloi hutsak

Jon Gurrutxaga Urbieta

Espaloi hutsak dira
ez dabilen jendea epaitzeko dauzkagun
zantzu behinenak
eta izan zirenak
harrapatu gaitu
ispiluari begira

Ispiluak badira
geure bidea urratzeko dauzkagun
oinarri denak
etsairik minenak
barre egiten du eta gu nola agortu
pentsatzen ari da

Bizi izan ez dugunak
nekatuta gauzka
herri txiki papurtuen seinaleak
dira hutsik dauden kaleak
erdi beteta gauka
lehengo mendeko zimurrak
gazte baten azalean
uzten ditu itzalean
antzututako lurrak

Margo zaharrak hormetan
bakarrik mozkortzeko ohitura daukagun
hiri hutsean
laino da iluntzean
kea usaintzen dugu bolborarik gabeko
hiri honetan

Ikusiak umetan
egurraren gogorra
odolaren gorriz zipriztindua
aldatu da mundua,
orain muturrekoak eman aurretik
datozkigu bueltan

Bizi izan ez dugunak
nekatuta gauzka
herri txiki papurtuen seinaleak
dira hutsik dauden kaleak
erdi beteta gauka
lehengo mendeko zimurrak
gazte baten azalean
uzten ditu itzalean
antzututako lurrak

Bakarrik doanarentzat
eternal bihurtzen den etorbide bat da
errepide hau
oldarrak sugai dirau
eta nik egunero esna dagoen kale bat
nahi nuke etxetzat

Gurasoen ametsak
borroka galduak, gugan bizi diren
erdoildutako egunak
eta biharamunak
itxura batean argitze duinik
ez dakar guretzat

Kale kantoien ertzak
abandonatutako katuen gotorleku
soilak dira egun
burkide ezezagun
nirekin zaudela sinistuko dut
gaur gauez behintzat.

 

Espaloian

Gabriel Errekabide

Espero ez nuen arren ez naiz harritu oina espaloian jarri eta estrata ezagutu ez dudanean.
Euria mehe, isilik hartu nau kaleak eta metro sarreratik baizik ez dator zurrumurru apal bat. Orduan ohartu naiz ez dela hau atzo ate honexek ireki zidan Bilbo, baina ondoren otu zait akaso ez naizela ni atzo ate honetatik irten zena gaur.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude