Ero esaten didate

Narrazio hau Zadie Smith-ena da. Zei-di S-miz. Londres, 1975. Zadie Smith egungo literatura britainiarreko idazlerik garrantzitsuenetakoa da. Bere lehenengo nobelak, White Teethek (Hortz Zuriak), klasiko garaikide bat dagoeneko, kritika ikaragarri onak jaso zituen eta Smith nazioartean ezagutarazi zuen. Nobela hark Londresko biztanleen arteko harreman postkolonialez ziharduen, besteak beste. Narrazio honek Billie Hollyday jazz-andre ezagunaz dihardu, besteak beste. Hari dago zuzendua.

“Ero esaten didate”
The New Yorker aldizkarian argitaratu zen, “Crazy They Call Me” izenburupean, aurtengo martxoko zenbakian bertan. ITU bandakook urte bereko maiatzeko LEKOREn dakarkizuegu, lehendabizikoz euskaraz.

ITZULPENA: Paul Beitia Ariznabarreta

Tira, noski ez haizela inora joaten jantzita joan ezean, ez garaiotan. Ezin inortxori utzi neskato hautsi, alferrik galdu harekin nahas hazaten: Eleanora Fagan harekin. Ez. Ez bego nahasmenik. Ez ikusleengan, ezta hire gizon zaharrarengan ere, ez maître d’arengan, ez platoko nagusiarengan, ez polizia putarengan eta ez I.R.S. putako agente putengan. Hik beti daukan heure animalia-larrua, presente eta egoki, heure sorbaldetatik halaxe zintzilik. Take back your mink, take back your pearls. Baina hik ez dun kanta hura abesten, ez zagon hire tonuan. Utzion abesten beste neskaren bati. Tergalezko etxeko mantalarekin Broadway zeharkatzen ari denean ere poliziak irribarre egiten dion motakoren bati. Hik ez daukan halako luxurik. Gainera, maite dun bisoi-larru hori! Gauzak behar duten tokian jartzen ditin. Izan ere –nahiz asko ez diren konturatu–, ez dun soilik jada ez dagoela Eleanorarik, Billierik ere ez zagon. Lady Day soilik zagon. Kaiman-larruzko poltsak, diamante eder eta lodiko hiru ilara hire eskuturrean; ez zion axolarik arratsaldeko hirurak izateak. Arrautza bat egosten dun twinseta eta perlak jantzita.
Newarken gotortu hinduten engaiamenduak iraun bitartean, eta egun batez atezainaren emazteak esan zinan: Ezin duzu New York gehiago jasan, beraz, e? Zer axola du? Niretzako, beti izan zara andereño bat. Italiarra dun. Ulertzen din. Ez dinat epaitzen. Dio: Nik zainduko zaitut. Zure ama izango naiz. Jainkoak zain dezala, baina hire alaba-egunak amaitu ditun. Eta neska nerabe gozo eta galdu batzuek, igandea balitz bezain alai, gelditzen bahaute 110.ean, esateko zein ondo jardun hintzen Carnegie Hall-en, zein ondo jardun hintzen “The Tonight Show” programan, saia hadi gogor asperdura ez erakusten, atera ezan perlaz apaindutako heure tabako-kaxa eta emaien zigarro bat. Eguneko hogei zigarro behintzat ematen dizkien besteei, neska. Guztia ematen dun, jaulki egiten dun, itsasora doan errekak ura nola: maitasuna, musika, dirua, zigarroak. Denek nahi diten hik daukanana; eta normalean hartzen uzten dien. Batzuetan heure bisoi-larruzko bufanda gordetzeko egin dezakenan onena dun.

Kontua ez dun, zehazki, ez ditunala beste emakumeak gustuko, mesfidatia haizela baizik. Eta beraiek ere mesfidantza itzultzen dinate hiri. Ez dun harritzekoa, egia esan. Neska hauetako gehienak beste mundu batean bizi ditun. Egon haiz inoiz mundu hartan, baina hura ez dun hire etxea. Laster haiz berriro errepidean. Bitartean, begiratzen haute eta ikusten ez daukanala inolako loturarik –ezta ezkonduta hagoenean ere–, airean flotatzen ikusten haute, inork ez dinala esaten noiz etxeratu tabernatik, eta ez daukanala inor sehaskan negarrez hik besotan noiz hartu eta lo-kanta bat abestuko zain. Ez, ez din inork esaten nor ikusi edo nora joan, eta esanez gero, ez dien zertan entzun, ezta matraileko bat jasotzen dunanean ere. Hori bai, hirekin elkartzen ditunan emakume horiek? Ez zakiten zer egin horrekin. Ez zakiten zer egin haurtxo bedeinkatuarekin, bere buruari zor zaion neskarekin, klarinetejolearekin edanean gera daitekeenarekin, harik eta periodiko-banatzaileak ailegatu arte. Eta agian tipa horietakoren bat klarinetejolearen emaztea da. Eta agian haur bat daukate eta hesi zuridun etxe bat eta asunto hori guztia. Noski mesfidatia dela, beraz. Uler dezaken hori. Jakina.
Eta hi beti izan haiz… Zera; nola esan? Gizonzalea? Gizonak erakartzen ditun, mota guztietako gizonak, eta ez bistako arrazoiengatik soilik. Hire neska-lagunik onenak ere gizonezkoak ditun, badakin zer esan nahi dudan, taldetxo bat daukan gizon kuttun batzuek osatua, itxurak itxura higandik hain desberdinak ez direnak: haiek ere ez zaukaten inor egonkorrik bere etxera joateko. Beraz, gizon maitaleren batek bihotza apurtzen badin, edo aurpegia, heure taldetxo horretaz fida haiteke, gehienetan bederen, fida haiteke hagoen tokian hagoela etorriko direla, tabakoa eta alkohola ekarriko dinatela, eta aipatuko dutela Crawford andrea eta aipatuko Stanwyck andrea eta, edari-nahasketak eginez, esango dinatela benetan behar dunana txakur bat dela. Laztana, txakur bat behar dun. Ez diten inoiz zalantzan jarri Lady Day haizenik; egia esateko, bazekiten Bera hintzela hik heuk jakin aurretik.
Txakur bat ekartzen dun.

Emakumeak mesfidatiak ditun, gizon maitaleak etorri bezala joaten ditun eta gehienetan zain uzten haute, eta, egiari zor, edari-nahasketak egiten dizkinaten mutil kuttun horiek ere baditen zeozer nonbait sarri askotan. Baina hi ez hau beldurtzen edozein tokitan maitasuna bilatzeak. Bazen behin Tallulah izeneko neska zoro hura, eta baita beste andre batzuk ere, baina ezin zitekeen munduan hala bizi, garai hartan ez –edo hik ez huen modurik aurkitzen behintzat–, eta, bestela ere, andre haietako gehientsuenak kutxa bete igel baino eroago zeuden. Inor ez dun perfektua. Edo beste modu batera esanda, ez zagon mundu honetatik ihes egiterik. Eta batzuetan, ostiral gauez, kantua isildu eta txaloak hiltzerakoan, ez dun gelditzen ez inor ez ezer egitekorik. Heure baitara itzultzen haiz. Backstage-a hustu egiten dun, baina oraindik tabernak zabalik zauden. Ez dun hizketarako umorerik.
Geroxeago, heure nezeserra irekiko dun eta mantso dantzatuko; baina, une horretantxe, eskertzen dun heure txakurtxoa alboan izatea. Baheukan zakur erraldoi eder bat aspaldi, baina mahaietatik betaurrekoak botatzen zizkinan beti, eta gero hil egin zitzainan, eta beraz orain aingerutxo hau daukan. Pepi. Txakurrak tranparik ez, gezurrik ez. Txakurrek heure burua gogorarazten dinate: daukaten guztia ematen diten, munduari zabal-zabalik zauden. Arrisku handia dun! Bada egiteko ezertxo ez eduki eta hire Pepi bezalako txakur txiki bati ostikada emango liokeenik. Eta hik badakin hori zer den. Txakurtxo hau eta hi? Ahizpak zarete. Non egon zara orain arte? Ipuin eta aldizkarietan agertzen diren txakur horiek bezalakoa dun, jabearen hilobi parean urteetan eta urteetan gelditzen diren horietakoa. Duela gutxi, ia iritsi hintzen horraino. Estratosferan barrena henbilen, batere gorputzik gabe, flotatzen, ia hantxe Jainkoarekin, zeruko ateetatik zintzilik hengoen eta inork edo ezerk ezin hinduen itzularazi. Inozoren batek jo hinduen, beste inozoren batek gaseosa bota zinan aurpegira; ezer ez. Gero txakur aingerutxo hark betzuloa miazkatu zinan eta berriz lurreratu hintzen huraxe sentitzeko bakarrik, eta handik hiru ordura oholtza gainean hengoen, eta kobratzen. Txakurrak onegiak ditun mundu honetarako.

Agian askok ez din jakingo, baina izeba, amabitxi, haur-zaintzaile zoragarria izan haiteke umorez bahago. Haur bat begizta dezaken gelaren bestaldean eta barre eginarazi. Abila behar din pertsonak! Gehienak ez ditun saiatu ere egiten! Jendea haur nekatsuoi zer egin, zer pentsatu, zer esan, zer jan agintzen beti. Baina hik ez dien ezer eskatzen; hori dun hire sekretua. Haurrei barre eginaraztea gustuko duten gutxietakoa haiz hi. Eta maite haute horregatik, egon hadi seguru, izugarri maite haute, eta dena ondo joango balitz apur batez geratuko hintzateke, geratu eta haurrarekin jolastu, baina fakturak dauzkan ordaintzeko.
Are gehiago, behean, une honetan bertan, negozio-munduko bospasei tipo zauden, batzuk nahiko ondo ezagutzen ditun, besteak batere ez, batzuk ez ditun sekula santan ikusi, baina guztiak zauden hire fakturekin lotuta modu batera edo bestera, eta esaten dinate gehiegi axola ez bazain klubera lagundu nahiko hinduketela. Pare bat kale beherago baino ez zagon, baina bertara lagundu nahiko hindukete. Bazirudin norbaitek pentsatzen duela ez haizela hara iritsiko zera hauek gabe… Nola deitu? Zaintzaile hauek gabe. Bazirudin norbait arduratuta dagoela. Baina zaintzaileekin edo gabe iritsiko haiz hara, beti iristen haiz, eta beti hago han garaiz, saihestu ezin daitezkeen salbuespenezko gauzak gertatzen diren salbuespen horietan salbu. Edonola ere, ahoa irekitzen dunanean dena barkatzen zain. Heure buruari ere barkatzen dion. Salbuespen bat haizelako, eta salbuespenak egin beharra dagoelako. Eta gauza ez al dun emakume bat oholtzara edonoiz igotzen dela ere beti igotzen dela garaiz?

Ileak denbora behar din, aurpegiak gehiago. Guztia dun lana, guztia dun armadura moduko bat. Argaldu egin hintzen duela denboraldi bat eta batzuek ez diten gustuko, batek hil maskara egiptoar baten antza dunala ere esan zinan. Eta zer! Hik jantzi egiten dun, heurea dun-eta. Ezpain handi gorriak eta orain koleta berri hori jauzika –gardenia-loreak bukatu ditun, gardenia-loreak Billierenak zitunan–, eta inork galdetzen badin zehazki nondik datorren ile-kiribil luze berri hori, heure begiak harenetan iltzatuko ditun eta esango dun: Tira, neuk daramat eta neurea beharko du izan. Neure ilea da neure buru putaren gainean. Kontuz ipinia dago justu nire maskara ederraren inguruan, begira! Badakinalako denak zuzenean berari begira daudela hik abestu bitartean, foko parean kokatzen dun nahita, heure hil maskara, badakinalako ezin dutela saihestu hire arima aurpegian bilatzea, senak esaten die hor bilatzeko. Aurpegia makillatzen dun babes gisara. Bekainak marrazten ditun, ezpainak definitu. Haien eta hire arteko muga dun. Bestela, aretoko guztiek pentsatuko liketen baimena daukatela hire eztarrian behera salto egin eta hire bihotza osorik jateko.

Jendeak galdetzen din: Nolakoa da hor goian egotea? Bihotza osorik jatea bezalakoa da. Ilunpean inortxo egongo ez balitz bezala da. Hiriko zerga-biltzaile eta andre zuri guztiek, beren larru dotoreak soinean, hire fraseatzeez hitz egiten diten etengabe –modan zagon hire fraseatzeez hitz egitea–, baina besteentzat iraultza dena hiretzat zentzuzko gauzak esatea baino ez dun. Ellaganako errespetu osoz, Sarahganako errespetu osoz, baina neska horiek abesteko ahoa irekitzen dutenero, tira, hiretzat Frigidaire etxetresna berri-berri bat irekiko balute bezala da. Hotzikara batek hartzen din gorputza. Hik ezin dun horrela egin. Ezta egingo ere. Jakina dun hiretzat ahotsak, musikalki, saxofoiak edo tronpetak edo pianoak besteko lana eskatzen duela. Ahots batek bere barruranzko bidea sentitu behar din. Nork ostia ez daki hori? Halere jende honek jakingo ez balu bezala jokatzen din, aldiro harritzen ditun. Ilunpean eserita geratzen ditun, martiniak edanez, beren bisoi-larru eta esmokin. Jendeak ez din ezer balio. Perlak janzten ditun eta zekenen aurrera bota, gutxi gorabehera. Segun zein perla diren, halere, eta zein zeken. Pertsona orok ez din, adibidez, “Strange Fruit” ulertuko. Ez gauero. Irabazi egin behar diten; irabazi, gau bakoitzeko esanahi bat hartzen duen hitza. Baten bati esan hion behin: Ulertuko eta estimatuko duen jendearentzat soilik abesten dut. Hau ez da maitasun kanta bat. Kanta honek oinazeaz eta bihozminaz hitz egiten du. Hirurehun urte bihozmin! Abesten dunan gela bakoitza eliza moduko bat bihurtu beharko litzateke min hori guztia baretzeko. Eta halere jendeak beren mahaietatik oihukatzen dizkinate kanta-eskariak jukebox ostia bat bahintz bezala. Jendeak ez din ezer balio. Bestalde, “Strange Fruit” eta gero ez dun sekula ezer gehiago abesten. Huraxe da azken kanta kosta ahala kosta, eta noizbait kolokatuta bahago, eta lehen lerrokoek aberats eta inozo eta lelo itxura badaukate, baliteke hura izatea hire kanta bakarra. Eta eskertu egingo dinate! Nahiz eta ez den erraza ez haientzat entzuteko ezta hiretzat abesteko ere. Kanta hura abestean, zigortzaile gisa, gupidagabe gisa deskribatu haute. Tira, ez dun kanta hori bukatzen kanta bukatzen dunan arte. Inoiz ere ez dun bukatuko. Hark bukatuko hau hi lehenago.

Azken batean, jendeak ez din txakurrei edo haurrei edo heure burua esaldian barneratzeari buruzko ezer entzun nahi, ezta heure bihotza osorik jateari buruzko ezer ere: jendeak hi entzun nahi hau, hire kantetan agertzen haizen bezala. Ez diten entzun nahi nola harritzen dunan heure burua, nolakoa dunan Jainkoak gidatua izatearen sentipena, hire eztarriko modulazioan zerbaitek salto egiten duenean, haur bat puxika haizatua eskuratu nahian nola, nahiz haur gehienek huts egin eta hik asmatu –bai, asmatu egiten dun ia espero gabe–, kasualitatezko nota batean lurreratuz, gehigarri perfektuan, sekula esaldi horretan jarri ez dunan nota batean, inork jarri ez duen nota batean, eta halere aldi berean entzun dezaken perfektua dela. Perfektua! Guztiz saihetsezina den zerbaiten soinua din: Porter baino hobea dun, Gershwin baino hobea. Une batean guztiz eta osorik hobetu ditun haien bertsio originalak…
Ez, ez dinate sekula horretaz galdetzen. Datu hotz eta latzak nahi ditizten. Kantei buruzko galdera gogaikarriak egiten ditizten, ea hire buruan kanta bakoitza zein gizoni dagokion, eta apur bat serioagoak baditun agian galdetuko dinate Armstrongi edo Basieri edo Lesterri buruz. Sudurluze gaizki heziak baditun, jakin nahiko diten edanak edo belarrak kanta haiek abestea gozoagoa ala gogorragoa egin ote zuen. Jakin nahiko diten Estatu Batu hauetako gobernuarekin izandako liskarren berri. Jakin nahiko diten publikoko jendea maite ala gorroto ote huen, soldata ordaindu zinan jende hori, soldata lapurtu zinan jendea, atxilotu hinduena gizon zuri batekin lagun egin hintzelako, prostituta izatearren kartzelatu hinduena, izatearren kartzelatu hinduena, eta hire ospitaleko gelari eraso egin ziona, justu amaieran, Jainkoarekin hizketan ari hintzela. Beti harritzen ditun musika irakurtzen ez dakinalako. Behin, ia esan huen –galdezka ari zen Daily Newseko tipo sudurluze bati–, ia-ia beragana jiratu eta esan hion: Putakume hori: ni musika NAIZ. Baina andereño batek ez din horrela hitz egiten eta, beraz, ez huen egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude