Edituriala (zortziak bart)

[pasarteak]

 

Zertarako idatzi garaiotan? Zer esanen liguke Hölderlinek ogia eta ardoa falta ez zaigunoi? Poesiak ematen al du jaten? Jakituriak ematen al du jaten? Zergatik lasaitzen gaitu miseriari idazteak gai banalei buruz idazteak baino gehiago? (Esan al daiteke banal euskaraz? Gurean gai banalik ez dagoelako al da?) Zer eta nola idatzi garaiotan?

* * *

Modu bakoitza da egokia, norberak plazaratu nahi duena nahi duen eran adierazteko. Gure barrunbeetako liburutegietara begiratu eta irakurri nahi genukeen zerbait sortzen saiatzen garen moduan, aurrez mamitutakoari bueltaka jarraitzeko beharra izan dezakegulako.

* * *

BAGA BIGA HIGA. Bagarela aski mami berrestera gatoz gure existentziaren bigarren fase honetan. Zure kontzientziak higadura lurtar bat behar du, konpai!

* * *

Helburua helburu, jositako orrien magaletan zer ukitu dudan narabilzu kontatzen. Zer usaindu dudan. Zer jan dudan. Ikusi dezakezu zein zapore duen iruntzitako azken marrubiak. Edo zein kirats darion supermerkatuko kongelatuen sekzioari. Ez da deskribapen bat, poesia da.

* * *

Ez gara gogorik eta ahalik gabe —lehenak eman beza bigarrena— inoren lekua okupatzera etorriak, aldizkari etzanei lekukoa hartzera gatozenak. Ez gara, ez gara… Ar eta eme izendatuak gara, azal zurikoak urteko hil guztietan, hizkuntza eta herri jakin baten maitale engaiatuak. Identitateari literaturatik ere begiratzen diogunak. Garenetik izan nahi dugunaren xerka, bakarka bezain batera.

* * *

– Gutun bat, amaitu gabea, Bilbora zuzendua.
Izan ere, merezi al du holako saltsetan sartzea? Zergatik egin gauzak? Nik ez dakit. Badakit non, noiz edo zelan, baina zergatik ez dakit. Baietz Henry, baina egiozu kasu izarren bideari, hegaztiek bezala, eta bizitzaz bederen badakien Eumeo zahar honi. Horretara gatoz, zatoz maitea gure etxera dostatzera arratsean.

* * *

Esku artean dituzun paperotan egin dugu oka, irentsita zein irentsi gabe, zilegi da eskuak garbitzea. Hauek dira gure eztarri zulotik atera zaizkigun hitzak, erraietan, gogamenean, memorian, bihotzean eta usadioetan pilatzen joan direnak. Zure gustuko izan edo ez, hitzak neurtzeari utzi eta oka egitera gatoz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude