Edituriala #2

Landako lekoretik, LEKORE Landakora, gora! (Gora?) Gogora: Hirugarrena behar zuen eta to bigarrena. Udazkeneko hotzaren babesetik oraingoan, ezin konta ahala lektoreren laguntzari esker gatoz (bagatoz) gure izatea berrestera, baldin eta zerbait bagara, izan. Oraingoan Atxaga bake santuan utzi dugu, ea berak noiz ematen digun bakea (kar-ka(r)). Konturatuko zineten, ez baita zaila antzematea, jostunak aldatu arren dotore datozela jantzita, oraingoan ere, gure hitzok: Malen Amenabar eta Mariñe Arbeoren lumaz eta artez.

Zenbakia prexko-prexkoa dator, egun amaierako bakailaoa bezain. Konplizeak gehiago dira oraingoan –konpli(ze)tu da prophezia–, barra-barra heldu zaizkigu testuak (eta eutsourrei!). Elkarrizketa ere badakar 2. zenbaki honek. Berarekin hitz egiteko zeru-lurrak mugitu eta agente-abokatu-editore saldo bati aurre egin behar izan diogun arren, benetan pozten gaitu Amaiur B. Blasco-ri egin lau galderak plazaratzeak. Orain serio: ez da hain zaila izan. Urte askoan, Amaiur!

Aldizkaria irekitzean lurrera erori zaizuen hori da Alazne Arruti Bengoetxearen Separata: Etzidamuak. Jaso derrepentementean, damutuko zaizue-eta bestela.

Beraz: zuen aurrean apalik, stand(erdi)aren atzean zutunik, Mayi Peloten gomutaz, Landakoren babespean zin dagigu hemendik aurrerakoa arrunt serioa eta batere graziarik gabekoa dela, literatura onak behar duen bezala.

ITU bandak,
2016ko azaroko euri-egunetan,
Bilbon

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude