Berlin

I

1963 kilometrok banatzen gaituzte atzerrira joan zinenetik. Ohartzerako bueltan izango zinela esaten zenidan, eskuan kubata hasi berriaz koadrilakoekin bisitan joateko dirua aurrezten hasi behar nuela esaten nizunean. Azken agurra malkotan ito genuen eta, ordutik, lotsa izpirik gabe oroitu nahi nuke mozkorrez inguratutako taberna-zulo hartan eskaini genuen drama.

Skype-a erabiltzen ikasi dugu behintzat eta uste baino azkarrago lausotu da zure hutsunea. Batzuetan errudun sentitu izan naiz hangoaz gehiago galdegin ez izanaz baina izan dugu elkarri zer kontatu eta ordenagailuan izoztutako gure aurpegiei barre eginez bete ditugu elkarrizketen hutsuneak.

6 hilabete ostean, zugana abiatu gara.

L jaso eta hurrengo geltokirantz jarraitu dugu. Nahiz eta metroarekin nahiko ondo moldatzen naizen, ez naiz lasaitu aspaldi bilbotartu zen M garaiz eta metroaren ahoan gorpuztu den arte. Zain ditugu gainontzekoak. Irrikaz jo dituzte bozinak eta auto barruan estu gauden arren, munduak abiadura mantsotu duela dirudi. Ez da inori sator-zuloko eskaileretan enbarazu egiteko aukerarik, metroak aurrera jarraituko du gu gabe eta bost axola zaigu. Gu goaz ihesi.

Ez gara etxean geratu zale eta Kantabriako kostaldea harrotu bezain pronto zerrendatu ditugun hurrengo txangoak penagarriak izanagatik, inongo erreparorik gabe enegarren aldiz eman diogu zerrenda osoa marratzeko hitza elkarri.

Hegaldi lasaia izan da. Pisua aurreztu asmoz hartu dudan liburua ez dut atsegin eta are astunago bilakatu da. Lur hartzear, lagunari leiho ondoko eserlekua utzi izanaz damutu naizen arren, lepoa luzatu eta argi ñimiñoak ezerezetik sortzen ikusi ditut, hodeiak lakuekin nahastu dira eta McDonalds baten argi gorria sumatu dut amaiera aldean. Ez da txalo zaparrada handiegirik aditu eta eskerrak. Aurreko bikoteak pringles zorroa galdu du gure oinetan eta guk, gosez amorratzen, motxilan hartu. Inurritegian hara eta hona hasi dira jaka eta maletak eta zorua zapaldu eta masailak goritu bezain pronto, autobusera sartu gaituzte inurri ilaran karraio.

Ilundu du dagoeneko eta aireportura ez etortzeko agindu dizugu. Koadrila handia izanda ere, M eta I izan dira ostatu harrerako gaztearekin ingelesez hitz egitera ausartu diren bakarrak. Gainontzekoak atzean jarri eta “zer esan du?”, “dena ondo?”, “maindireak gelan bertan daude?” esatera besterik ez gara mugatu, nazkatuta biratu eta mesedez lasaitzeko esan diguten arte.

Berehala lausotu dira arnasak ohatzez jositako gelan.

II

Alexanderplatz-era heldu eta dagoeneko taldetxo bat elkartzen hasia da free tour dioen aterki beltzaren azpian. Ez naiz inoiz halakoen zale izan baina benetan merezi duela eta zuzenean ekarri gaituzu gazte lodikotearen albora. Gonzalok taldeari bere burua aurkeztu eta ibilbidea hasi aurretik bere ustetan astunegia izango ez den eta halako hiri baten nondik norakoak ulertzeko beharrezkoa den sarrera historiko bati ekin dio.

Urik gabeko iturri borobilaren aurrean gaude. Zentro komertzialeko sartu-irtena etengabea da eta atezainak jaiotza marka itzela du aurpegian. MItte, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik Sobietar Batasunaren gain egon zen Berlingo zatia omen da. Metro ahoan neska gazte bat firma eske ari da eta kasurik egiten ez dion oro iraintzen hasi da. Berlin Alemaniako hiriburua izanagatik, egun inguruko herrialdeei esker mantentzen omen da ekonomikoki. Txapel horia daraman saltxitxa saltzaile ibiltariak haragia hartu eta ogi artean sartu du biraoka jarraitzen duen neskaren alboan. No os habréis encontrado a mucha gente alta, rubia y de ojos azules, verdad? esan digu Gonzalok bromazale, telebistako aurkezle ahotsaz, populazioaren zati handiena atzerritarra dela adierazteko. Lagunak dagoeneko nazkatuta, elkarren artean hitz egiten sumatu ditut, batek historiako irakasle ohiaren keinuak antzeztu eta besteak barreari ezin eutsi. Berlingo hartzari buruz hitz egiten hasi da. Dagoeneko zenbat ikusi ditugun galdegin digu eta begirada, barre eta broma konplizeak zabaldu dira talde osoan, gure koadrilan izan ezik. Mota eta kolore guztietako 300 bat estatua kokatu omen dituzte hirian zehar eta guk ez dugu bat bera ere ikusi. Ikurraren jatorriaren inguruko teoria asko omen daude eta horien artean nagusiena hiriburuaren izenaren lehen zatiak (Ber, alemanez Bär) hartza esan nahi duela omen da. Emakume batek janari zorro bat utzi du arropa denda erraldoiaren aurreko zutabean. Bestalde, Alemaniaren kolonizazioan parte hartu zuen Alberto I-aren ezizena huraxe omen zen: “Alberto hartza”, ausardia eta adorearen adierazgarri. Eskale bat eseri, eskuak hatsaz berotu eta zorroa miatzen hasi da. Erdi Aroan familia nobleen armarrietan nagusitu ohi zen ikurra ere izan omen zen eta egun armarri ofizialaren zati da. Oinez abiatu gara.

Hotz egiten du. Bi galtzerdi pare jantzi ditut eta oinak erretzen ditut. Elkarri besotik helduta goaz, txapela buruan, eskularru eta bufandaz korapilatuta, eta inoiz elkarren artean hutsunerik izan ote den zalantzan jartzen hasia naiz. Enparantza handiaren gainean Fernsehturm, telebista dorrea handitzen doa. 60ko hamarkadan Alemania erdibituta, bata bestea baino indartsuago zenaren lehian eraiki omen zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoak (RDA) eta harresia eraistean, hiriko edozein puntutatik ikusten den 365 metroko telekomunikazio dorrea (Europako 4. eraikin altuena) batasunaren ikur bilakatu omen zen.

Marx eta Engelsen parkea ezkerraldean utzita, Lustgarden lorategia eta Berlingo Errege Jauregiari parez pare dagoen katedralera heldu gara. Harri zurizko fatxada hotzaren gainean, urdin kolore ederreko kupulak atentzioa ematen du. Jauregia, aldiz, eraberritze lanetan dago eta SAMSUNG-en iragarki erraldoi batez estalita dagoen arren crowdfunding-a abiatu dute, laguntzan parte hartu dutenen izenak adreiluetan jartzearen truke. Gonzalok datu historikoak bata bestearen atzetik errezitatzen jarraitu du, harik eta bakarren batzuk selfieak ateratzen harrapatu eta denbora librea eskaini digun arte.

Hurrengo egunetan bisitatu nahi nituzkeen lekuen mapa mentala forma hartzen hasi da pixkanaka. Denbora luzez ibili gara hara eta hona eta nekea nabari da taldean. Harritu egin gaitu trafiko faltak eta kale zabaletako oinezkoen lasaitasunak. Bebelplatzen, 1933ko maiatzean Naziek zentsuratu eta erre zituzten autoreen 20.000 liburuen oroimenez, liburutegi huts bat erakusten duen leihoaren gainean ibili gara oinez. Horien artean zegoen Heinrich Hein, 100 urte atzera “Hura preludio bat besterik ez zen izan, liburuak erretzen diren lekuan, pertsonak erretzen amaitzen da” idatzi zuen berbera.

Humboldten unibertsitatearen parean honek euskararekiko zuen harremana aipatu du bisita gidariak, gure arreta bereganatzeko. Iaz Merkelek bisitatu zuen kebaba jendez gainezka dago eta pasealeku zabaletik aurrera jarraitu ostean, L itxurako horma zati batekin egin dugu topo. Gonzalok aterkia luzatu duen arren ez da goiko zatira heldu eta hara goraino pertsona bat nola igoko genukeen hausnartu dugu luze. Izan omen zen behin blindatutako auto batekin horma zeharkatu zuen ero bat.

Kalearen erdian aurpegi erraldoi baten soslaia ikusten da. Johann Georg Elser, 1939 azaroaren 8an Municheko Bürgerbräukelle garagardotegi ezagunean Hitler eta alderdi Naziko beste zenbait kideren erailketa planifikatzeagatik ezagun egin zen arotzari eskainia omen da. Führer-ak hitzorduak aurreratzeko ohitura zuenez, minutu eskasengatik egin zuen ihes leherketatik. 1945eko apirilaren 9an erail zuten arotza.

Valladolideko gazte hiztunak etengabe goraipatzen du alemanen umorea, eraikin ororen iragana gogoan hauek berrerabiltzeko duten abileziagatik. Gehienak bonbardatuak izan ziren arren egun ogasun zentroa denak zutik iraun zuen, hegazkinen planoak bertan pilatzen zirenez informazio preziatuegia baitzegoen jokoan.

Kale kantoi batean bildu gara edari beroren bat hartu eta bisitarekin jarraitzeko hitzordua zehaztu asmoz. Hementxe kokatu omen zen hirian bertan grabatutako nazien inguruko film bakarrenetarikoa eta esbastikek berriro hiria hartu behar zutela zabaltzean, istilu garrantzitsuak izan ziren kaleetan. Horra azken urteetan halakorik errepikatzeko zailtasunaren zergatia. Hogei minutu barru abiatuko gara berriz.

Gustura bildu gara berotara. Gehienek kafesnea eskatu dute eta nik, esnekiak ongi digeritu ezin dituen bakarrak, kafe hutsa eskatzeko ahaleginak egin ditut. Aparrez gainezka, itxura ederreko kikarek hartu dute mahaia fundamentu eskaseko ur zikin basokada galantari putz eginez itzuli naizenean. Komunera joateko astia izan dut behintzat.

Gendarmenmarkt, jendarmeak pilatzen ziren plaza, ikusi dugun plazarik ederrenetarikoa da. Hutsunea erraldoi batek zanpatutako zola markaren antzera nagusitzen da eraikin altuen artean. Plazaren alde banatan berdin-berdinak diruditen eliza Frantses eta Aleman pare barrokoa kokatzen da Orkestra Sinfonikoaren Konzerthaus egoitzaren alde banatan. Eskailerapean Johann Friedrich von Schiller poeta eta filosofoaren estatua bat dago, zeina greziar edo erromatar baten antzera gorpuzten den erramu koroa buruan eta idatziak besapean dituela. Inguratzen duten 4 musen artean gizonezko bakarrak egun aurpegia agerian daraman arren, marmolean zizelkatutako oihalaz estalia izan omen zuen denbora luzez.

Bazkalordua da dagoeneko eta holokaustoaren memorialean ez dugu argazkirik atera Shashak Shapira artista israeldarrak lotsaraziko gaituenaren beldurrez. Berlingo ikurra den Branderburgoko atean eman diogu amaiera bisitari. Hiriko sarbide zaharra 1788 eta 1791 artean eraiki zen. 65 metro luze eta 26 metro zabaleko egitura garaiak garaipenaren jainkosa garraiatzen duten zaldiak eta koadriga eusten ditu gainean. 1806an Napoleonek Parisera berarekin eraman zuen arren, bertan jarraitzen du gaur egun, enperadorearen inperioaren gainbeheran berreskuratu ostean, berregindako plaza Pariser-Platz izendatu baitzuten. Gonzalok, zenbait gomendio eman dizkigu bazkaltzeko eta bakoitzaren abiapuntura itzultzeko. Berehala sakabanatu da artaldea.

Hemendik aurrera zeuri egotzi dizugu gidari lekukoa. 3 egun ditugu hiri erraldoia ezagutzen jarraitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude