Batailak

Begietara begiratzen diet denei, gustatzen zaizkit euren zantzu ilunak eta aurpegiko gerizpeak. Itxurak gordetzen ari naiz, erakutsi nahi diet ez dutela sekula ni bezalako etxekalterik ezagutu. Asmatu nahian nabil nor diren, zer ote diren euren bizitzetan, zer den benetan egiten dutena. Eta batez ere, zergatik. Herriak babesten dituzten harresien planoetan bezala euren armaduren puntu ahulak identifikatzeko, eta hortxe, minik handiena egingo lieken lekuan, eraso.

Burkide bien artean gudu zelaia ez da uste bezain zabala, eta nik ez dakit ezer nire soldadu eta zaldunez; hala ere hemen nago, nirea ez den gerraren amaiera irabazteko bataila epiko batean, nongotarra naizen jakin gabe, nire printzipioen alde edo euren infanteriaren kontra bizia galtzeko prest.

Ez dakit nola eta non hil nahiko nukeen, eta gaur hemen hilko banaiz, nor kontratatuko duten nire hilotzaz libratzeko. Hori ez da inon azaltzen, zer egiten den gudu zelaietan batailak bukatu ostean. Agian oihaletan bildu eta ustelaraziko gaituen hobi batera amilduko gaituzte denok, alderdi bietako hildakook zulo berean. Eta hor bukatuko da behingoz dena. Ez da gerta dakigukeen txarrena, baina berandu izango da bakeak egiteko.

Etsaiei begira nagoela entzuten ditut umetako melodia ahaztuen soinu isilak nire kraneoa betetzen, hau ote da hil-hurren daudenek ikusten duten bizitzako negatibo guztien igarotze azkarra?

Bai, hemen nago orain eta kontziente naiz, hil naiteke ekibokatu naizen jakin gabe.

Seinalea eman dute, bakoitzak bere arma eta enparauak aldean hartu eta gudu zelaira goaz ahalik eta lasterren, filmetan ez bezala, mutu. Gerta dakidakeenari aurre egiteko balio dit pentsatzeak urte gehiegi izan direla beti atzera begira egoteko, pentsa nezake denbora galtzeko bide bitxia dela hau, baina prest nago azken zentimetroengatik borrokatzeko -helburua irabaztea ala arerioen desintegrazio fisikoa den hausnartu gabe-, sumindu naiteke pentsatuz zer daukan duinetik inposatutako guztia onartzeak eta gu inbaditzeko presioa areagotu dutela agian inperialistek.

Tentsioak gora egiten du begiradek metro bat inguruko distantzia dutenean. Ez dugu, ez, armekin bakarrik zauritzen. Zergatik ez garen errenditu, zergatik ez dugun ihes egin, hori da azken uneetan zilegi ez izanagatik pentsatzen dena. Orain tokatzen dira altzairuak kolpatzean sortutako txinpartak, zaldunak hilik zaldi gainean ezpatek abdomena zeharkatzen diela, odola tokatzen da, odola. Eta ez dago atzera bueltarik. Eta nire harridurarako, inon ez da gerrarik lehertu, gerlariok elkarren aldamenetik pasatu gara zebrabidean. Lehen Mundu Gerraz ari diren nobelak irakurtzeari utzi behar diot.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude