AMAIUR B. BLASCO: “Bestela azaldu ezin dudana idazten dut”

Irudia: Malen Amenabar Larrañaga

 

Amaiur B. Blascok Egunsentia (Maiatz, 2016) bere lehen poesia liburua argitaratu zuen udaberrian. Sarakoa jaiotzez, egun Bilbon bizi da, ingeles filologiako ikasle. Sentimenduetatik abiatutako poemak batu ditu liburuan, goizetik iluntzera bitarteko bilakaeran. Maria Altuna artistak egin ditu liburuko irudiak.

Azken urteotan argitaratu den poesia libururik gazteena da Egunsentia. Zerk bultzatu zaitu argitaratzera?
Ez nuen argitaratzeko ideiarik, badira poemak aspalditik kaiera batean gordeta nituenak, ene buruarentzat idatziak nituen, baina galdetzen nuen agian interesatzen ahal zitzaizkiola beste norbaiti. Batzuk hartu eta Luzien Etxezaharretari bidali nizkion iritzi eske. Ezustean harrapatu ninduen liburua argitaratzeko proposamenak.

Ulertu behar da baita, Iparraldea dela, eta ez dela euskaldun anitz, gazte euskaldun anitz ere ez, idazten dutenak gutxiago eta bidaltzen dutenak oraindik gutxiago. Iparraldean bada euskal literatura zaharren kontua denaren ideia, eta pentsatzen dut irudi horri buelta ematea ere nahi zutela.

Ezizenez sinatu duzu. Adinak izan dezake eraginik?
Izan daiteke horregatik, edo baita nire nortasunagatik ere. Poemak idatzi izan banitu publikatzeko pentsatuak, beste zerbait idatziko nukeen, hainbeste suposatzen zuten enetzat, bortitza baitzela. Baina behin publikatuta, eta denbora pasatuta, kolpez ez ditut hainbeste sentitzen, gainetik gehiago kendu izan banitu bezala da. Testu batzuk berriro irakurtzean distantzia gehiagorekin sentitzen ditut. Azkenean hau idatzi zutena eta ni desberdinak gara. Horregatik, ez dator liburuan ez argazki ez biografia laburrik.

Ze eragin du Maiatz lako editorial txiki batean argitaratzeak?
Maiatz ez da Elkar bat, beraiek ibiltzen dira eskuz esku saltzen; Sarako Idazleen Biltzarrean adibidez. Durangora ere joaten dira baina esango nuke galerak izaten dituztela, uste dut egoteko joaten direla gehiago diruagatik baino. Nahiz eta irakurlego bat baduten, txikia da. Nik neuk ere liburu-dendetatik ibili behar izan dut nire liburua saltzen, Bilboko Louise Michelen, esaterako.

Liburura etorrita, Poesia egiten lagundu nauten guziei eskaintzen diezu.
Denak aipatzen ez hastearren, badira batzuk zuzenki lagundu nautenak, beste batzuek ez dakite lagundu nautenik, eta beste batzuk hilda daude duela mendeak. Emily Dickinson da horietariko bat, sobera maite dut emazte hori, nola idazten duen, oso modu motzean. Poesian baino lehenago bertsotan hasteak eman zidan gauza motz eta borobilen gustu hori. Badira euskal poetak ere, Artze maite dut pila bat, bere idazkera ludikoa. Liburuan bada Artzerengatik idatzitako poema bat.

Sentipenei buruzko olerkiak biltzen ditu liburuak, goizetik arratsaldera nola bilakatzen diren azaleratzen du. Zeren arabera sailkatu dituzu poemak?
Lau zatitan banatu ditut [Egunsentia, Eguerdia, Ilunabarra, Gauerdia] testuak, horrela idatzitakoak ez diren arren. Egituratzeko beharra zegoenez, pentsatu nuen idatzitako testu guztiak sentimendu batetik datozela. Beraz, antolatzerako orduan lehenengo alaiak edo energia sortarazten dutenak jarri ditut, eta ilunagoak ondoren. Gomendioa linealki ez irakurtzea da, bestela… (zainak mozteko keinua egin du irribarrez).

Kritikarik ere ez da falta poemetan.
Badago kritika sozial bat, baina esperientziatik abiatua. Nik sentitzen dudanean, nire buruari kritika egiten diodanean. Saran mugan bizi naiz eta ene aitak Nafarroan lan eginda, muga pasatu behar zuen lau aldiz egunean. Garai batean aldi oro zeuden kontrolak. Familia Hegoaldekoa dut eta joaten ginenean baziren txakurrak alde guztietan. Poemetako bat egun berean hiru kontrol izan genituenekoa da, foralena, guardia zibilena eta nazionalena. Biziki haserre nintzen, baina erdi umoretsua atera zitzaidan azkenean. Saiatzen naiz sobera esplizitua ez izaten, baina batzuetan ezin duzu saihestu, hori bizi duzu. Poema beti partitzen da iturburu beretik, bota behar dudan sentimendu batetik, baina hori kritikara edo autokritikara bideratu daiteke.

Idazten jartzean, hausnartzen duzu nondik idazten duzun?
Batzuetan bai, eragina du nor naizen, idazten dudanarekin oso lotua da, baina ene dudak ditut ze puntura arte den interesgarria hori beste pertsona batentzat. Nahiko nuke idatzi zerbait ez horren pertsonala. Poema hauekin dudan sentsazioa da zinez definituak direla nire izanean.

Iparraldean euskal literatura militantzia da, euskalduna izatea bera militantzia da. Ez dut militantzia bezala idazten, barrutik irteten zaidana idazten dut. Bestela azaldu ezin dudana idazten dut, badirelako gai edo egoera batzuk espresatzeko lekurik edo unerik ez dutenak, orduan poemak idazten ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude