Airearen mugimenduak

1.- Arnasa hartu: lotan dagoen sabel borobilak mugitzen du airea, gora eta behera, gora eta behera. Atzamar puntaz uki zenezake arnasa, hortxe, zilbor ondoan.

Amen kumeak orgatxoetan

Amek euren kumeak orgatxoetan daramatzate:
medikuek lo gora begira egin behar dela diote eta
kumeak lo doaz gora begira orgatxoetan.
Lo edo hilda
hilda dirudite

Amek euren kumeen matraila guriak erakusten dizkiote
pasatzen den edonori
Matraila guri eta zuri
ubeltzen hasiak.

Bizitzeaz

Bizitzea erraza dela diozu
jan eta edan besterik ez dugula egin behar bizirauteko
horri gehitu berba apur bat egitea eta biziko gara
eta ez gaituzte zoroetxean sartuko

Zoriontsu izan behar zara zoro
irribarre artean ulertzen ez dituzun hitzak oihukatu
publikoari gustatzen zaio euren doinu ziurra

Poeta izan zintezke
zehazki zeri kantatzen diozun ez dakizula
ez al da poetikoa
nora eza
korrika baina hankarik gabe

Min ematen du bi hankak mozteak baina
gozo egongo da ogia
eta hori da inportantea
baduzu zer jana egun batzuetarako

Gero beste zerbait topatu beharko duzu
edo gastuak murriztu
Garuna ken diezaiokezu zeure buruari
ez al da energia gehien kontsumitzen duen organoa?
Ez pentsatzea lehiakorragoa da
Bizitzea errazten du.

Kimerak

Oinez heldu ziren hona
ilara luze batean
Inor molestatu barik
hilek ohi duten bakean

Odolik ez zainetan ta
okerra lepahezurra
Ta lepoko konkorrean
zeukaten odol apurra

Lehenengo pentsatu nuen
agure zaharrak zirela
Horregatik zeukatela
pauso oker ta motela

Aurpegian ez zitzaien
ia zimurrik ageri
Hain ondo ikusten ziren
nekatutako bi begi

Kexatu barik pasatu
ziren mila dohakabe
pauso oker motelean
etsipen zantzurik gabe

Konkorretako pisua
ez zuten nabari bide
libre zirela uste ta
ezin zuten izan libre

“Nora zoazte?” galdetu
nien euregana jota
“Ez dakit” esan zidaten
ta ez zitzaien inporta

Ta horrela joan ziren
bide zaharrean aurrera
konkor gainean hartuta
bakoitzak bere kimera.

2.- Haizeak jo: arboletako hostoek elkarri esaten diote badatorrela, badatorrela; haizearen salatari.

Egun haizetsua

Haizeak zuhaitzak astintzen ditu eta badirudi alde egin behar dutela. Ez nintzateke gehiegi harrituko sustraiak lurretik atera eta oinez hasiko balira, pasieran.

Atzo hego haizea zegoen eta zeruan laino grisak, naturaren kolorea xurgatzen duten laino grisak, denari bere nortasuna kentzen dioten laino grisak. Nortasunik gabeko arima errariak ziren zuhaitzak atzo. Itsasoan linboan den txalupak ere ez du inora heltzeko itxaropenik, baina hala ere inoiz ez dago geldi eta aldi berean geldi dago, nortasunik gabeko ingurune batean dagoelako, beti berdin. Atzo bezalako egunetan kalera irtetea itsaso barearen erdian dagoen motorrik gabeko txalupan egun bat pasatzea bezalakoa da.
Haizeak axolagabeki jotzen ninduen aurpegian eta saman, kamiseta barrura sartzeko keinua egiten zuen baina ez zen sartzen. Begi bakoitza inorena ez den atzamar batez laztantzen zidan.

Gaur hego haizea dago eta argitasuna ukitu egin daiteke. Tantaz tanta blaitzen ditu zuhaitzen orriak. Sentitu egiten dut nola perla laranjek masaila eta bekokia laztantzen dizkidaten, epeltasun iheskor batez.

Zer den barrunbeak zartatzea

Eguna ondo doan ikusteko
lurreko orbelak zapaltzen ditut
zarata egiten badute eguna garbi doa eta argitasuna ia ukigarria da

Bestela airea nagi dabilela iruditzen zait
busti egin dutela orbela bera ere
hostoa da oraindik baina ahaztu egin zaio
zer den barrunbeak zartatzea.

Udazken lorratzak

Arrastoak hosto arreetan
Hosto arreak zapata zoletan
Arrastoak zapata zoletan

Zapata zolak lurrean, eta sabaian
Sabaiko arrastoak

Hosto arreak erori dira lurrera,
zapata zolen parera

Udazken lorratzak

Agortutako urtegi bat da

Agortutako urtegi bat da
zuhaitzen eskeletoak ageri dira noizean behin
lur zikinetan eguzkia hartzen

Zer eroango zenuke urtegi idor batera?
Plastikozko ur botila.

Bilboko errekak lepo-hezurra zirudien eta eraikin zerrenda luzeek hazka egiteko luzatutako besoak.

Haizeak biribildutako mendi zaharrek izara artean etzandako emakumeak gogorarazten zizkioten, goizeko argi zuriaren zain egon direnak lo egiteko.

Itsasoak atzera egitean hondartzari zainak marrazten zizkion, eta eskumuturra behatu behar izaten zuen erdi ezkutuan hareatzako zainak bereak ez zirela ziurtatzeko, ez zela berea hondarretan gora eta behera zebilen odola.

Kobazuloetako horma kurbatuekin bat egin nahi izaten zuen, gorputza hormara lotu eta harriaren sakon unada bakoitza bete. Harria, edo azala bete?

Agortutako urtegiak milaka gorputz zituen barnean, egarri. Sustraiek ere abandonaturiko lurretan gorantz hazten ziren, bihurritu sustraiak bezala.
Arku bat ziruditen minez eta plazerez
egurrezko larrupera eguzki izpiren bat heltzean.

Oihu gordinak itotzen zituen ahora sartutako lur zikinak.

Haizea entzuten da agortutako urtegietan garrasika…

Ipuina (Ikaro)

Imajinatu horia, urdina eta marroia den desertua. Eguzkiak jandako koloreak dira.

Dunen itxurako tontor borobiletan haizeak jotzen duela dirudi baina ezin da jakin biluziak direlako eta ez dagoelako ezer bertan haizeak mugitzeko.

Edozein norabidetan begiratuz gero zerua hutsik eta urrun dago. Eguzkia da goietan eta kiskali egiten du. Ez duzu azalean berotasuna sentitzen? Bero lehorra. Bat-batean Ikaro agertu da eszenaren ezker aldean, hego zuri handi-handiak ditu zabalik. Ze politak diren! Oso altu egin arren hegan luma bakoitza ikus dezakezu, eta ia-ia lepoa ferekatu dizute zure gainetik pasatu denean.
Ikaro eguzkirantz doa. Mokoa du, eta mokoak eguzkia ukitu duenean hegoak erre egin dira. Baina ez da itsasora jausi, ez dagoelako itsasorik.

Desagertu egin da, erre den unean eguzki bihurtu, beste Ikaro bat dator eszenara eta berriz mokoarekin eguzkia ukitu du eta berriro kiskali eta beste…

Imajinatu duzu?

3.- Airea geldi: “haizea ez da nekatzen, hegoak nekatzen dira”.

Ohean

Hainbeste korapilatzen zen gauetan, beso bata beste besoari lotuta, besoak kokotean eta gerri bueltan, besoak izter artean eta bernetan, ezkerreko izterra eskuinekoaren gainean eta eskuineko berna ezkerrekoaren gainean, bi atzamar ipurdian eta hiru lepoaren amaieran, ze, goizetan ezin izaten baitzituen korapiloak askatu. Hankak askatzea lortzen bazuen gerritik gora geratzen zitzaion gorputz amorfo eta asimetrikoak oreka eta oinez egitea galarazten zion. Hurrengo gauera arte itxaron behar izaten zuen ohean halakoetan, itsaso bare eta lasairen baten gertatuko ziren ametsen zain, gorputz adarrak laxatzeko.

Gau batez amesgaiztoa izan zuen besoak saman korapilatuta zituela, eta biharamunean itota agertu zen.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.